Txindoki edo Larrunarri Euskal Herriko puntu askotatik ikusteaz gain, Aralar mendizerran erreferente garrantzitsuenetarikoa da eta gipuzkoar askorentzat derrigorrez ezagutu, eta edonori gomendatzeko lekua. Txindoki edo Larrunarri ezin dugu bestalde, honen oinetan aurkitzen den Larraitzko ermita edo bere larreetan bazkan diharduten ardirik gabe ulertu.
Bere berezko izena Larrunarri bada ere, Txindoki izenaz da gaur egun ezaguna. Txindoki, mendiaren oinetan zegoen borda baten izena bazen ere, artzainek mendia berari deitu eta izena gizarteratu dute.
Txindoki mendia, Aralar mendigunearen mendebaldeko ardatzean dago, baina ez da mendi baten izena soilik; harkaitz profil lirainak inguruko herrientzako "totem" bilakatzen baitu. Bere inguruan mitologiaren historia ezberdinak ere aurki ditzakegu.
Iraganak eta orainak, kondairak eta egunerokoak elementu asko elkartzen dira ingurune ezin hobean. Orain urte asko Mariren bizilekua zela esaten da, bera zela mendi eta inguruetako zaindari eta gaur egunean zaindari nagusi dela, urtean ehunka bisitarrekin batera.
Kondaira eta mitoek garrantzia izan dute Euskal Herrian eta hauek biltzen saiatu zen Joxe Miguel Barandiaran ataundarra. Horrez gain, ondare arkielogiko eta arkitektonikoaren bilketa ere burutu zuen eta gaur egun 30 dolmen, 15 tomulo, 7 monolito, 2 cromlechs eta 13 kobazulo daude katalogatuak.
Faunari dagokionean, 147 espezie ornodun topatu ditzakegu. Inguruko abereak gainetik hegaldatuz putre, Sai Zuri, edo Arrano Beltza ikusteko aukera ere izango dugu.



